2/2006 legea, ekainaren 30ekoa, lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa.

Retroceder

V. TITULUA. HIRIGINTZAKO ANTOLAMENDUA EGIKARITZEA.

VI. KAPITULUA. OBRAK ETA ERAIKINAK KONTSERBATZEA.
BIGARREN ATALA. HIGIEZINAK KONTSERBATZEKO ETA BIRGAITZEKO OBRAK.
200. artikulua.– Etxeak eta eraikinak aldizka ikuskatzea.

1.– Katalogatutako edo babestutako etxe edo eraikinen jabeek, bai eta 50 urtetik gora dituen eta bizitegi-erabilera duen edozein eraikinen jabeek ere, 10 urterik behin teknikari fakultatibo bati agindu beharko diote ikuskapen bat egin dezan, etxe edo eraikinaren kontserbazio-egoera zein den zehazteko.

2.– Ikuskapenen ondorioz egiten diren txosten teknikoetan ikuskapenaren emaitza azaldu beharko da, honakoak zehaztuz:

a) Atzemandako akatsak eta hutsak, eta horien arrazoi izan daitezkeenak; egonkortasuna, segurtasuna, estankotasuna eta egituraren sendotasuna ziurtatzeko neurriak –behar izanez gero, lehentasunaren arabera ordenatuta–; eta, etxe edo eraikinaren xedea aintzat hartuta, horien bizigaitasuna eta erabilera efektiboa mantentzeko edo berreskuratzeko neurriak.

b) Aurreko ikuskapenetako txostenak edo txostenek jasotako gomendioak hartutako neurriei eta egin beharreko lanei eta obrei dagokienez, neurri horien eraginkortasun-maila eta lan horien egikaritze-maila.

3.– Ondorio administratiboei begira, txosten teknikoek eraginkortasuna izan dezaten, beharrezkoa izango da elkargoaren ikus-onetsia eskuratzea eta txostenen kopia udaletxean aurkeztea.

4.– Aldizkako ikuskapenen txosten teknikoak erakusteko eskatu ahal izango diete udalek jabeei. Eta ikuskapenik ez dela egin egiaztatuz gero, horiek egiteko agindu ahal izango du, edo udalak berak egingo du ikuskapena eginbeharra duenaren kontura.

5.– Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioz egiten diren txostenak, betiere, eraikinaren legezko dokumentazioan sartu beharko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera.